lunes, 30 de enero de 2012

Mitologia

Euskal mitologia Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristau zein paganoak.

Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.

Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.

Mitok sailka daitezke kondairaren esanahia edo berez duten mezuaren arabera: Batzuk kosmosa edo lurraz kanpoko gaia dute, eta besteak, berriz, lurtarrak dira. Kristautasunaren sarrerak nabarmen eragin du euskal mitologiaren ahoz ahoko transmisioan. Oinarrizko kontzepzio metafisikoa bere horretan mantendu duten ohitura askotan ere Bibliako pertsonaien izen ordezkatzea ematen da: udako solstizioa = Donibane jaia (Done Ibane edo San Joan santuaren izenetik), jentilarri = Sansonarri, Salomon eta abar.

Euskal Herriko mitologiaren pertsonai, jainko-jainkosa, konadiren, sinesmen eta abarren "korpusa" oso zabala da.

Hizkuntzak

Euskal Herrian euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoiera mintzatzen dira.

Gaztelania eta frantsesa nagusi dira, lehena Hegoaldean eta bigarrena Iparraldean. Hala ere, gutxi gorabehera biztanleen herenak egiten du euskaraz. Gaskoia, aldiz, Baiona inguruan (BAB) eta Nafarroa Behereko iparraldeko ingurune batzuetan hitz egiten da, baina oso ahul dago.

Euskararen ofizialtasun maila ezberdina da hiru lurraldeen arabera: EAEn, koofiziala da hiru probintzietan; Nafarroan, koofiziala "eremu euskaldun" delakoan bakarrik, erdi ofiziala "eremu mistoan" eta ez ofiziala "eremu erdaldunean"; Ipar Euskal Herrian, ez dauka ofizialtasun estatusik.

Bestalde, Euskal Herriko ijitoak erromintxela izeneko romaniaren aldaeraz mintzatzen ziren, eta gaur egun arrasto batzuk geratzen dira oraindik.

Politika


Euskal Herriko politika euskal herritar abertzale / ez abertzale (edo euskal herritar nazionalista / espainiar edo frantses nazionalista) ardatzak definitzen du, Hego Euskal Herrian batez ere. Horrela, Euskal Herriko alderdi politikoak, eskuinean edo ezkerrean kokatzeaz gain, Euskal Herria egituratzeari edo naziotzat onartzeari buruzko ikuspegiaren arabera bereizten dira. Horrek alderdi anitzeko sistema politiko konplexua sortu du.
Euskal Herriko alderdi politikoak

Abertzaleen Batasuna (AB)
Alderdi Popularra (PP)
Aralar
Batasuna (legez kanpo)
Batzarre
Bildu
Convergencia de Demócratas de Navarra (CDN)
Euskal Herria Bai (EH Bai)
Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
Eusko Alkartasuna (EA)
Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ/PNV)
Ezker Batua Berdeak (EB)
Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK)



Frantziako Alderdi Sozialista (PS)
Frantziako Demokraziaren aldeko Batasuna (UDF)
Frantziako Herriaren Batasuna (RPR)
Front National (FN)
Les Verts du Pays Basque-Euskal Herriko Berdeak
Ligue Communiste Révolutionnaire (LCR)
Nafarroa Bai (NaBai)
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN)
Nafar Herriaren Batasuna (UPN)
Nafarroako Ezker Batua (IUN-NEB)
Parti Communiste Français (PCF)
Union pour un Mouvement Populaire (UMP)
Zutik

Historia

Euskal Herriko historia Europako herri zaharrenetariko baten historia da. Paleolitotik hasita, hainbat herriren eragina jaso du: zeltena, erromatarrena, frankoena, bisigodoena, musulmanena, bikingoena, gaztelarrena, ingelesena, eta abarrena. Gaur egun Espainiaren eta Frantziaren artean kokatuta dago, eta bi herri horien historiaren pasarteak bizi eta jasan izan ditu. Orobat, euskararen inguruan batzen den herrian sortu izan da bertako egitura politikorik, hala nola Nafarroako Erresuma. Hainbat eta hainbat gerra izan dira, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen aginpide gatazkek sortuak.

Nekazari eta abeltzain herri bat izatetik Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da, baina horretarako bere antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan ditu.

Antzinaroko hainbat aztarna aurkitu dira Euskal Herrian. Garrantzi berezia du euskal-akitaniar lurraldean labar-artea oparoak. Neolitoan abeltzaintza eta nekazaritza agertu ziren eta horrekin batera, hainbat monumentu megalitiko eraiki zituzten hemengo biztanleek (trikuharriak, esaterako).

Antzinako Erromak I. mendean konkistatu zuen Euskal Herria eta lehen hiri eta errepide handiak ireki. Urte haietan, Novempopulania eta Tarraconensis probintzietan banatu ziren euskal lurraldeak.

Erromatar inperioaren gainbeheran, euskaldunek bat egiten zuten bisigodoekin eta bagaudak antolatu. Godo eta frankoek ez zituzten guztiz garaitu, behin eta berriz saiatu arren. VIII. mendean musulmanak iritsi ziren eta Kordobako kaliferriaren esku utzi zuten Euskal Herriko hegoaldeko zati batzuk. Garaiko baskoi buruzagiek harreman ona izan zuten haekin eta batez ere Banu Qasi familiarekin. Eneko Aritza ere haien senide izan zen.

Nafarroako Erresuma izan zen Euskal Herria Pirinioen bi aldeak elkartzeko gai izan zen erakunde politiko bakarra. Erresuma Antso III.a Nagusiaren erregealdian iritsi zen hedadurarik handienera. Lurralde euskaldunak biltzen zituen, beste hainbat lurralderekin batera, baina erregea hil ostean banatu egin zen. 1511n, Gaztelako koroak Nafarroa Garaia konkistatu zuen. Altxamenduak izan baziren ere (Noaingo gudua, Amaiurko gudua), Gaztela garaile atera zen, baina Nafarroa Behereak independente segitu zuen, eta geroago Frantziako koroan sartu zen. Antso III.a.ren garaiaz geroztik, ez da zazpi lurraldeak batera gobernatu dituen gobernurik izan.

XVI. mendetik aurrera konstanteak izan ziren foruen defentsan eginiko borrokak. Horietatik garrantzitsuenak karlistaldiak eta zamakolada nahiz gamazada matxinadak izan ziren. Dena den, liskar horien pizgarria ez zen independentzia aldarrikapena bakarrik, baizik eta motibazio erlijiosoak eta monarkikoak ere elkartzen ziren foruen defentsarekin. Antzinako ekonomia sistema babesteko beste hainbat matxinada ere izan ziren Euskal Herrian. 1798an Frantziar Iraultzak eragin erabatekoa izan zuen Ipar Euskal Herrian, haren asimilazio politikoa ekarri baitzuen.

Hala ere, Lehen Mundu Gerrak Frantziako Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen euskal nortasunaren zutabeetan.[28] Alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», Iñaki Egaña historialariak dioenez; bestetik, ipar euskalerritarrak frantsestu zituen. Gerra hark frantses sentiarazi zituen Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienak. Anitzek desertore izateko bidea hautatu zuten; Nafarroako mugatik hurbil zirenek, bereziki. Baina gehienek gerra egin zuten, eta haiek biziki frantses itzuli ziren lubakietatik. Gainera, euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez zituztelako ulertzen. Ondorioz, euskara jakitea «kaltegarria» zela pentsatu zuten. Horrek ere euskaldunen frantsestea erraztu zuen. Gauza bera jasan zuten bretainiarrek eta korsikarrek ere. Geroztik, euskararen transmisioan etenaldi luze bat izan zen Ipar Euskal Herrian. Ez bakarrik gerraren ondorioz, baina euskaldun izatea zama gisa bizi izan zuten anitzek.[29]

Eusko abertzaletasuna XX. mendearen hasieran hasi zen, euskal nazioa lortu nahian. Gehienbat EAJ alderdiaren inguruan antolatu zen mugimendu hura. Euskal nortasun kolektiboa eratzeko sortutako literatura legendarioan oinarritutako historiaren berrinterpretazioa egin zuten lehen abertzaleek, ideia nagusi bat sortzeko asmoarekin: antzina Euskal Herria burujabea izan zela, eta euskal estatu horren independentzia Espainiaren inbasioen ondorioz galdu zela. Estatu kolpe batez eta Espainiako Gerra Zibilaren bitartez inposatutako frankismoak gogor erreprimitu zuen eusko abertzaletasuna. Errepresio latz haren aurkako erreakziotzat sortu zen ETA.

1980ko hamarkadan, Espainiak autonomia ezarri zuen berriro ere, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) sortu zen, II. Errepublikan gertatutakoaren antzera. Eusko abertzaleen nahien aurka, Nafarroa Hegoaldeko beste hiru herrialdeetatik bereizita geratu zen, eta halaxe dago orain ere. Horrez gain, bi erkidegootako administrazioen arteko elkarlana ez da handia, eta haien arteko desberdintasun politikoa nabaria da: EAEn eusko abertzaleen botoen baturak gehiengo absolutua hartzen du; Nafarroan, aldiz, gehiengoa espainiar abertzale diren PSOEk eta UPNk dute. Ipar Euskal Herrian, aitzitik, frantses abertzaleak dira nagusi: PSko zentroko ezkertiarrak eta UMPko eskuindarrak.

XX. mendean eta XXI.aren hasieran Euskal Herriak, beraz, hainbat kalte nozitu ditu: bi mundu gerra, gerra zibil bat, diktadura bat, eta hilketak ekarri dituen eta eusko ezker abertzaleko hainbat alderdi legez kanpo utzi dituen gatazka bat. Kalte horien guztien ondoren, ordea, politikaren arloan XXI. mendearen bigarren hamarraldia itxaropentsu hasi da euskal herritarrentzat, ETAk borroka armatua behin betiko utzi duela adierazi baitu, eta ezker abertzaleko alderdi guztiek Amaiur koalizioan elkar hartuta bake bideei ekin baitiete. Ekonomiaren arloan, berriz, munduko beste hainbat aldetan bezala, krisialdiak gogor jo du.

Klima

Tenperatura: Klima honen ezaugarri nagusiena tenperaturaren ikuspuntutik bere leuntasuna da. Urteko hil hotzenean batez besteko tenperatura 4 eta 9 °C artekoa izaten da; hil beroenekoa, aldiz, 18 eta 21 °C artekoa. Hala, bada, urteko batez besteko tenperatura 11 eta 14 °C artekoa da. Hotzagoa ala beroagoa izango da, altitudearen eta itsasotiko hurbiltasunaren arabera.

Izotzari dagokionez, 0 °C neurtzen diren egunak ez dira asko izaten kostaldean, urtean 10 egun baino gutxiago. Barnealdeko haranetan eta batez ere Sakanan eta toki hozpelenetan 50 egun baino gehiago ere izaten dituzte (esaterako, Altsasun 52 egun).

Prezipitazioa: Parametro honen ezaugarri nagusia bere erregulartasuna da. Urtaro guztietan izaten dira prezipitazioak eta ondorioz ez dago aro lehorrik. Klima ozeanikoa duten Euskal Herriko lurraldeetan 1000 mm prezipitazio baino gehiago izaten da urtean. Toki batzuetan askogatik gainditzen dira 1000mm horiek, esaterako Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan. Zonalde hau da Euskal Herriko ingurune hezeena eta Artikutzan esaterako urtean batez beste 2500 mm prezipitazio batzen dira.

Berezitasun Klimatikoa: Enbata: Bizkaiko Golkoko kostaldean gertatzen den bat-bateko itsasoko haize-bolada hotz eta gogorrari deitzen zaio. Haize mota hau bereziki udaberri eta udazken bitartean sortzen da.

kokapena


Euskal Herriko geografia fisikoa oso aldakorra da, nahiz eta hedaduraz txikia den herrialde bat izan. Kostaldeko paisaia malkartsutik Bardeetako basamorturaino hedatzen da Euskal Herria eta bide horretan lautadak, mendilerroak eta bailara ugari ditu.
Euskal Herria Europako herrialdea da. Historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio mendien mendebaldean kokatua, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena. Zazpi herrialde edo probintzia hauek barne hartzen ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoa. Guztira, Euskal Herriak 20.950,3 km² ditu, eta 3.005.670 bizilagun zituen 2006an.

Iruñea hiriburutzat jo ohi da, arrazoi historikoak direla kausa, nahiz eta izendapen ofizialik ez den. Halaxe iritzi zion XVIII. mendearen hasieran Joanes Etxeberri Sarakoak: “Iruiñea eskualdunen hiri buruzagia”