Euskal Herriko historia Europako herri zaharrenetariko baten historia da. Paleolitotik hasita, hainbat herriren eragina jaso du: zeltena, erromatarrena, frankoena, bisigodoena, musulmanena, bikingoena, gaztelarrena, ingelesena, eta abarrena. Gaur egun Espainiaren eta Frantziaren artean kokatuta dago, eta bi herri horien historiaren pasarteak bizi eta jasan izan ditu. Orobat, euskararen inguruan batzen den herrian sortu izan da bertako egitura politikorik, hala nola Nafarroako Erresuma. Hainbat eta hainbat gerra izan dira, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen aginpide gatazkek sortuak.
Nekazari eta abeltzain herri bat izatetik Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da, baina horretarako bere antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan ditu.
Antzinaroko hainbat aztarna aurkitu dira Euskal Herrian. Garrantzi berezia du euskal-akitaniar lurraldean labar-artea oparoak. Neolitoan abeltzaintza eta nekazaritza agertu ziren eta horrekin batera, hainbat monumentu megalitiko eraiki zituzten hemengo biztanleek (trikuharriak, esaterako).
Antzinako Erromak I. mendean konkistatu zuen Euskal Herria eta lehen hiri eta errepide handiak ireki. Urte haietan, Novempopulania eta Tarraconensis probintzietan banatu ziren euskal lurraldeak.
Erromatar inperioaren gainbeheran, euskaldunek bat egiten zuten bisigodoekin eta bagaudak antolatu. Godo eta frankoek ez zituzten guztiz garaitu, behin eta berriz saiatu arren. VIII. mendean musulmanak iritsi ziren eta Kordobako kaliferriaren esku utzi zuten Euskal Herriko hegoaldeko zati batzuk. Garaiko baskoi buruzagiek harreman ona izan zuten haekin eta batez ere Banu Qasi familiarekin. Eneko Aritza ere haien senide izan zen.
Nafarroako Erresuma izan zen Euskal Herria Pirinioen bi aldeak elkartzeko gai izan zen erakunde politiko bakarra. Erresuma Antso III.a Nagusiaren erregealdian iritsi zen hedadurarik handienera. Lurralde euskaldunak biltzen zituen, beste hainbat lurralderekin batera, baina erregea hil ostean banatu egin zen. 1511n, Gaztelako koroak Nafarroa Garaia konkistatu zuen. Altxamenduak izan baziren ere (Noaingo gudua, Amaiurko gudua), Gaztela garaile atera zen, baina Nafarroa Behereak independente segitu zuen, eta geroago Frantziako koroan sartu zen. Antso III.a.ren garaiaz geroztik, ez da zazpi lurraldeak batera gobernatu dituen gobernurik izan.
XVI. mendetik aurrera konstanteak izan ziren foruen defentsan eginiko borrokak. Horietatik garrantzitsuenak karlistaldiak eta zamakolada nahiz gamazada matxinadak izan ziren. Dena den, liskar horien pizgarria ez zen independentzia aldarrikapena bakarrik, baizik eta motibazio erlijiosoak eta monarkikoak ere elkartzen ziren foruen defentsarekin. Antzinako ekonomia sistema babesteko beste hainbat matxinada ere izan ziren Euskal Herrian. 1798an Frantziar Iraultzak eragin erabatekoa izan zuen Ipar Euskal Herrian, haren asimilazio politikoa ekarri baitzuen.
Hala ere, Lehen Mundu Gerrak Frantziako Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen euskal nortasunaren zutabeetan.[28] Alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», Iñaki Egaña historialariak dioenez; bestetik, ipar euskalerritarrak frantsestu zituen. Gerra hark frantses sentiarazi zituen Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienak. Anitzek desertore izateko bidea hautatu zuten; Nafarroako mugatik hurbil zirenek, bereziki. Baina gehienek gerra egin zuten, eta haiek biziki frantses itzuli ziren lubakietatik. Gainera, euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez zituztelako ulertzen. Ondorioz, euskara jakitea «kaltegarria» zela pentsatu zuten. Horrek ere euskaldunen frantsestea erraztu zuen. Gauza bera jasan zuten bretainiarrek eta korsikarrek ere. Geroztik, euskararen transmisioan etenaldi luze bat izan zen Ipar Euskal Herrian. Ez bakarrik gerraren ondorioz, baina euskaldun izatea zama gisa bizi izan zuten anitzek.[29]
Eusko abertzaletasuna XX. mendearen hasieran hasi zen, euskal nazioa lortu nahian. Gehienbat EAJ alderdiaren inguruan antolatu zen mugimendu hura. Euskal nortasun kolektiboa eratzeko sortutako literatura legendarioan oinarritutako historiaren berrinterpretazioa egin zuten lehen abertzaleek, ideia nagusi bat sortzeko asmoarekin: antzina Euskal Herria burujabea izan zela, eta euskal estatu horren independentzia Espainiaren inbasioen ondorioz galdu zela. Estatu kolpe batez eta Espainiako Gerra Zibilaren bitartez inposatutako frankismoak gogor erreprimitu zuen eusko abertzaletasuna. Errepresio latz haren aurkako erreakziotzat sortu zen ETA.
1980ko hamarkadan, Espainiak autonomia ezarri zuen berriro ere, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) sortu zen, II. Errepublikan gertatutakoaren antzera. Eusko abertzaleen nahien aurka, Nafarroa Hegoaldeko beste hiru herrialdeetatik bereizita geratu zen, eta halaxe dago orain ere. Horrez gain, bi erkidegootako administrazioen arteko elkarlana ez da handia, eta haien arteko desberdintasun politikoa nabaria da: EAEn eusko abertzaleen botoen baturak gehiengo absolutua hartzen du; Nafarroan, aldiz, gehiengoa espainiar abertzale diren PSOEk eta UPNk dute. Ipar Euskal Herrian, aitzitik, frantses abertzaleak dira nagusi: PSko zentroko ezkertiarrak eta UMPko eskuindarrak.
XX. mendean eta XXI.aren hasieran Euskal Herriak, beraz, hainbat kalte nozitu ditu: bi mundu gerra, gerra zibil bat, diktadura bat, eta hilketak ekarri dituen eta eusko ezker abertzaleko hainbat alderdi legez kanpo utzi dituen gatazka bat. Kalte horien guztien ondoren, ordea, politikaren arloan XXI. mendearen bigarren hamarraldia itxaropentsu hasi da euskal herritarrentzat, ETAk borroka armatua behin betiko utzi duela adierazi baitu, eta ezker abertzaleko alderdi guztiek Amaiur koalizioan elkar hartuta bake bideei ekin baitiete. Ekonomiaren arloan, berriz, munduko beste hainbat aldetan bezala, krisialdiak gogor jo du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario